Marrazketa Teknikoan egindako horma-irudia, DBHko Agora apaintzen

agora_2_egileak-2

Joan den 17/18 ikasturtean, DBHko 3. mailako Marrazketa Teknikoa arloko ikastaldeak egin zuen horma-irudia DBHko eraikineko Agoran kokatu berri da. Hona hemen ikasleek lan honi buruz azaldu digutena eta amaieran, azalpen bideoa:

“Horma-irudia Bloomen taxonomia gainbegiratua adierazteko egin genuen. 1956. urtean Benjamin Bloomek hezkuntzaren helburuak sailkatzeko taxonomia asmatu zuen. Sailkapen honetan, hezitzaileek euren ikasleei proposatu ahal dizkieten helburu eta gaitasun desberdinak agertzen dira. Bloomen taxonomia hierarkikoa da, goi mailako ikaskuntza lortzeko, lehenbizi behe mailako gaitasunak lortu behar direla onartuz. Aldi berean, hezkuntza prozesuaren ikuspegi orokorra erakusten digu, hezitzeko modua helburu holistiko batean sustatuz.

2001. urtean, Lorin Anderson eta David Krathwohlek, biak Bloomen ikasleak izandakoek, bere taxonomia gainbegiratu eta aldatu egin zuten. Era honetan sailkatu eta izendatu zituzten Anderson eta Krathwohlek hezkuntzarako sei mailak, beheko mailatik goi mailara antolatuta: GOGORATU, ULERTU, APLIKATU, AZTERTU, EBALUATU eta SORTU.

Sare modularren proiektua Bloomen taxonomia gainbegiratuan oinarrituta

Guk sortu dugun sare modularren proiektu hau Bloomen taxonomia gainbegiratuan oinarrituta burutu dugu. Proiektua 2018ko urtarrilean hasi genuen eta ekainean bukatu. Landutako jarduera guztiak Bloomen taxonomia gainbegiratuan oinarritu dira, beheko mailako jarduerekin hasiz eta goi mailakoarekin, sormenarekin bukatuz.

 

Sormena, Bloomen taxonomiako maila gorena

Eskoletan bikaintasuna lortzeko abiapuntua sormena da. Sormenak Bloomen taxonomiako maila gorena adierazten du. Sormenak aurreko gaitasun guztiak; gogoratu, ulertu, aplikatu, aztertu eta ebaluatu mailak gainditu direla suposatzen du. Hezkuntza sisteman aldaketa nahi badugu, sormena ezinbestekoa da erabateko hezkuntza lortzeko, eta curriculum guztietan presente egon beharko luke.”

 


www.lauroikastola.eus webguneak cookiak erabiltzen ditu Erabiltzailea Atariko web gune eta orrietan dabilenean. Informazio gehiago nahi izanez gero, bisitatu DBLO atala.