EUSKERAREN ALDIA GAUR HASI DA

Badira urte batzuk euskeraZ, euskara planaren ardatzean, Z handia, instrumentala, begiz jo genuela, horixe bera baita datozen hamarkadetarako erronka, erabilera. Lorgarria delako, erabat, euskeraren erabilera hazkunde iraunkorraren bidean jartzea, baldin eta ikastolako partaide bakoitzak, gizartearekin bat, euskera ezpainetara eramateko bere erabaki pertsonala gauzatzen badu, hori eta ez besterik delako, azken finean, ikastolaren helburu kolektiboa: aukera pertsonal ugariren batura.

Adostasuna eta batasuna dira, beraz, bidea, euskerak batura behar duelako, ez kenketa; biderketa behar du, ez zatiketa. Den-denok gara euskeraren erabilera eraginkortasunez areagotzeak ezinbestekoa duen adostasun zabalaren osagai eta eragile, aldi berean garen bezala haren onuradun eta bultzatzaile, bideratzaile eta babesle. Lauro Ikastolako eragileok hamaika egun hauetan aktibotasuna, praktikotasuna da erakutsi duguna.

EUSKERAZ ASKO, BIHOTZ-BIHOTZEZ

Euskaraldian bidaia zoragarriari hasiera eman diogu. Batxilergoko ikasleak hasita, gurasoak jarraituz, Ikastolako esparru guztietara heltzea lortu dugu, izokinen olatu erraldoia sortuz, hizkuntza ohituren inertziak astintzeko lehenengo pausoak emanez.

Batxilergoko pasabideetan euskeraz barra-barra entzun dugu. Gurasoentzako txapen aurreskaria gainditu dugu. Irakasleei esker, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleak ahobizi eta belarripresten  abenturetan murgildu dira. Hausnarketa sakonak plazaratzeko aukera izan dugu. DBHko 1. Zikloko ikasleek gelako konpromisoak hartu dituzte eta hizkuntza ohiturei buruz marmarrean aritu dira. DBHko2 zikloko ikasleek, hizkuntzarekin jolastuz, 3 baietz egitasmoaren bidez, euskeraz blai utzi gaituzte. Eskola kirolean etengabeko konpromisoen katean, kate begiz harilkatzen jarraitu dugu euskera. Lauro Ikastolak, beste Hezkuntza mailako aliatuekin batera, gizartearen aurrean babesa adierazi dio Euskaraldiari.  

BEJONDEIZUELA!

HAMABIGARRENA

Gaur hasten dena bidaia luzea da. Kavafis poetak idatzi bezala: izan dezagun gogoan Itaka beti, Horrainoko etorrera da gure jomuga, baina ez dezagun presaka geure bidaia bat ere. Hobe da anitz urte eder dirauela; eta hainbat esperientziarekin ulertuko dugu Ithakak zer esan nahi digun.

Eta egin egingo dugu.

Munduari euskeraz ere helduz, euskerarentzat belarria zein gogoa prest izanez, euskera ahoz zein idatziz bizi-bizi eskainiz. Euskerak eguneroko bizitza aberastu dezan; eguneroko bizitzak euskera bete dezan.
Elkarrekin.
Elkarrenganako errespetu osoz, elkarrengandik adorea jasoz.
Elkarri euskera eskainiz.
Euskera bizi-indarrez sendoagotuz.
Ahobizi, belarriprest eta irribiziz…

BIZIPOZEZ!


www.lauroikastola.eus webguneak cookiak erabiltzen ditu Erabiltzailea Atariko web gune eta orrietan dabilenean. Informazio gehiago nahi izanez gero, bisitatu DBLO atala.