Hilerokoa eta ekarpenak

Familien eta ikasleen gunea :: Kooperatiba :: Hilerokoa eta ekarpenak

2026/2027 ikasturterako inbertsio estrategikoak eta ekarpenen doikuntza Lauro Ikastolan

Gure hezkuntza-proiektuaren bikaintasunari eta instalazioen jasangarritasunari eusteko konpromisoarekin jarraituz, Lauro Ikastolak 2026/2027 ikasturterako prestatu duen plan nagusia aurkezten du. Plan honek kanpoko espazioen eraldaketa, ikasgelako hobekuntza eta ekarpen kudeaketa arduratsua uztartzen ditu. Kontseilu Errektoreak uztailaren 8ko bileran 2026/27ko aurrekontuak, hilabeteroko ekarpen eta aportazioak onartu zituen. Laburbilduz:

1. Obra handiak eta konponketak: “Lauro Kanpus” eta kirol guneak

Ikastolako kanpoko espazioak Hezkuntza Proiektuaren indargune izaten jarraitzeko, jolas-eremuak seguru eta eskola-bizitzarako gaurkotuak izan daitezen, bi esku-hartze nagusi egingo dira bai eta Lauro Kanpuseko beste fase garrantzitsu bat ere:

  • Lauro Kanpus Proiektua (2M €): pistak polibaliodun eta mobilitate antolaketarako espazioen moldaketa egingo da eta belar artifizialezko F5-eko bi zelai berri eraikiko dira. LHko jolastokia eta kirol-instalazio handitzeko inguruko 13.750 metro karratu erosiko dira.
  • Gaztañazpiko aldagelak berritzea (0,4M €): F11 zelaiko aldagelak erabat berritu eta bikoiztuko dira.
  • Finantzaketa: proiektu hauek bermatzeko, Ikastolak 2,5M €-ko mailegu baten kontratazioa abiatu du. Finantzaketa hau Hezkuntza Sailaren 2027ko HezKoop diru-laguntzekin estaliko da zati batean, ekarpenen oreka mantenduz.

2. Geletako hobekuntza pedagogikoak eta beste batzuk

Etapa bakoitzean berrikuntza sustatu eta gure ikasle eta pertsonen ongizatea hobetzeko, ondoko inbertsioak eta moldaketak onartu dira:

  • Haur Hezkuntzan: 3 eta 4 urteko geletako lur-erradiatzailea egokitu da tenperatura  4-5 gradu jaisteko eta logelako interkanbiadorea bikoiztu da helburu berdinaz. Tutoretza guztietan Pc-ak barriztu.
  • Lehen Hezkuntzan: eraikina inguratzen duen kamara osoa intsuflatu da, kanpoko beroa eta hotzetik babesteko; kanpoaldeko ate guztietan zerraila-inteligenteak jarri dira; ikasleen komun guztietan berdintasun ikuspegia aplikatzen amaitu da; segurtasuna handitzeko sute-kontrako ur-bonba berriak instalatuko dira; arbel-interaktibo eta PCak berriztatu dira.
  • DBH: eraikina inguratzen duen kamara osoa intsuflatu da eta goiko solairuko sapaia jaitsi da kanpoko beroa eta hotza ekiditeko. Eraikin honetako aerotermiako tresnek aire-girotua jartzea posible egiten dutenez, aukera hau aztertu da. Proiektoreak, konekzioak eta infogelako PCak berriztatu dira.
  • Batxiler: eraikineko sarrera eta atzeko jolastokia egokitu dira. Ordenagailu eramangarriak, inprimagailuk, eta infogelako PCak berriztatu dira.

Jolastoki batzuetan, beroa ekiditeko esperientzia pilotua burutuko da: nebulizadoreak jartzeko aukera aztertuko da.

3. Ekarpenak eta KPIaren alderaketa

Lauro Kanpuseko eta urteko hobekuntzarako egindako inbertsioek ez dituzte hileroko ekarpenak KPIa baino gorago igoko, maiatza 2025- maiatza 2026koa %3,2koa izan delarik:

Zerbitzuei dagokienez, “Jantoki”ko ekarpenak ez du igoerarik izan, horniduren optimizazioagatik eta langile baten jubilazioaren eraginez. “Garraio” zerbitzuan, aldiz, igoera nabarmena da, garraiolarien lan hitzarmena igo delako, gasoilaren kosteagatik eta, buseko zaintzaileen kasuan, lan-jarduera luzatu delako trafiko eta geltokien hazkundeagatik.

“Kooperatiba zerbitzuak” kontzeptuan, igoera txikia da, hilekoek Eusko Jaurlaritzak finantzatzen ez dituen kontzeptuak bertan jasotzen badira ere: Lauro Ikastolaren proiektu berezitua dela eta, diru-laguntzetatik kanpo geratzen dira hainbat kontzeptu, bai eta Eusko Jaurlaritzak estaltzen ez dituen instalazioen, soldaten eta mantentze-lanen defizita ere. Horien artean:

  • Haur Hezkuntza: bikoizketak ingelesa eta euskaran, 4 urtetik aurrerako igeriketa-saioak, ipuin-kontalariak, adin desberdinetako ikasleen arteko lankidetza-proiektuak, eskola-baratza eta oilategia, 5 urteko musika-talde txikientzako proiektu berria, etab. Horrek esan nahi du 4 eta 5 urteko mailetan astean 25 ordutik gora ematen ditugula. Etapa honetan finantzatutako irakasle/gela ratioa 1,185ekoa da eta 15 gela izanik, 17,775 finantzatzen du, Lauro Ikastolakoa, 19,554 izanik, hau da, hortik gorako 1,779 irakasle.
  • Lehen Hezkuntzan: Eusko Jaurlaritzak astean 25 ordu ezartzen ditu eta guk 27,5 ematen ditugu, gure proiektua hobetzen jarraituz. Horretarako: Gorputz Hezkuntzako orduak astean 2 dira, Eskola Baratzeko proiektua 1., 2. eta 6. mailetara zabaldu da, ingeleseko orduak indartu dira eta euskara, hizkuntza, matematika eta natur zientzietako tailerrak talde txikietan dira. Gainera, lehen zikloan irakurketa-idazketa errefortzuarekin jarraituko dugu beharrizan hau duten ikasleekin. STEAM tailerrekin eta “Lauro Irratia” proiektuarekin jarraituko dugu. Finantzatutako ratioa gela bakoitzeko 1,222 irakaslekoa da, 30 gela izanik, 36,66 irakasle finantzatzen ditu eta Lauro Ikastolak 44,413 ditu, 7,753 irakasle-gehikuntzarekin.
  • Bigarren Hezkuntzan: aukerako irakasgai gehiago emango dira; arreta pertsonalizatuagoa lortzeko, tutore osagarriekin jarraituko dugu; DBHko 1. eta 3. mailan errefortzuko talde txikiak egingo ditugu; Batxilergoan astean ordubete gehiago ematen dugu; Gizarte Zientzietan eta Zientzietan ikasgaiak banatu egingo dira ikasle talde txikiagoak sortzeko, eta kasu batzuetan mailaketak egingo dira. Orientazio Akademiko eta Profesionaleko Plana garatzen jarraituko dugu, enpresetako praktikak barne. Irakurketa partekatuko saioek eta Kukulumendi hitzaldi zikloak aurrera jarraituko du. Ikasgaiak gainditu gabe dituzten ikasleentzako errefortzu-proiektuarekin jarraituko dugu, eskolaz kanpoko jarduera gisa, DBHko 4. mailan eta Batxilergoko 1. mailan. Azken bi etapetan, finantzatutako batez-besteko ratioa 4,968 irakasle/gela da, eta Lauro Ikastolak 5,713 ditu, hau da, 6,767 irakasle gehiago.

Halaber, badira beste proiektu berezi batzuk (2030 Agenda, Euskara Plana,…) eta Eusko Jaurlaritzak finantzatzen ez dituen figura batzuk ditugu, hala nola, Erizaintza/Nutrizioa, Liburutegia, Informatika eta IKT zerbitzuak, bai eta eraikin/etapa bakoitzeko mantentze-lanetako langileak.

Gure inguruko edota antzeko ezaugarri (bai proiektu, zerbitzu zein instalazioetan) dituzten ikastetxeekin alderatu gara eta gure hilerokoa batez-beste %40 merkeagoa dela ondorioztatu dugu.

We use cookies from third party services to offer you a better experience. Read about how we use cookies and how you can control them by clicking Privacy Preferences