SARRERA
2015 – 2016 ikasturtean, Ikastolaren 50. urteurrenarekin bat eginez, DBHko 3.E taldean horma – irudi bat diseinatu eta margotu genuen Batxilergoko eraikinaren alde bateko paretan. Horma – irudiaren proiektuak bere trataera izan du DBHko 3. mailako E taldearen Plastika arloko programazioan: helburuak, edukiak, metodologia eta ebaluaziorako irizpideetan islatu direnak.
Proiektua burutzeko ondoko metodologietan oinarritu ginen:
- Arazoen Ebazpenean oinarritutako Ikaskuntza: Ikastolaren 50. urteurrena ospatzea eta horretarako zabaldu zen museoaren sarrerako horma zuri erraldoi hura irudiz margotzea izan dira gure helburuak. Plastika arloan irudien bidezko erantzunak ematen ditugunez, Gure jakintza gure askatasuna leloari irudien bitartez erantzun diogu. Erantzun hori horma – irudiaren bitartez adierazi dugu. Horiek izan dira aztertu eta erantzun ditugun arazoak.
- Proiektuen Bidezko Ikaskuntza: proiektu honek denbora luzea behar zuela bagenekienez, sei hilabetetako epean burutu dugu, ikasturteko lehenengo bi hiruhilabetekoak (eta ebaluazioak) proiektuari dedikatuz. Irudia margotzen astebete eman genuen, azken hiruhilabetekoan.
- Ikasketa Zerbitzua: E taldekoek egin dugun lana Ikastolako pertsona guztiontzako egin dugu; ikasleak, irakasleak, Ikastolako langileak, familiak, ikasle ohiak… eta gizartea orokorrean. Irudiak egiteko Ikastola osatzen dugun talde guztietan oinarritu garenez, gure komunitateari Lauroren interpretazioa erakutsi nahi izan diogu.
- Ikasketa Kooperatiboa: DBHko 3. mailako Plastika arloaren ezaugarria den Ikasketa Kooperatiboaren metodologia proiektu honetan ere aplikatu egin dugu, 3.E taldea sei taldetan antolatuz, talde bakoitzak proiektuaren atal bat landuz eta talde bakoitzean ardura desberdinei jarraituz.
Era horretan burutu dugu proiektua hasieratik azken emaitzaraino, bidean irudi asko eginez, akats ugari eginez, errakuntzetatik ikasiz eta berriro hasiz, baina gure helburua oso argi izanik beti. Irudia Ikastola osatzen duten pertsona guztien aurrean egin dugu, margotzen ari ginen bitartean hurbildu zaizkigun etapa desberdinetako ikasle eta irakasleei gure lanaren azalpenak emanez.
Ikasleen emaitza akademikoak oso onak izan dira egindako lana eta lortutako emaitza oso bikainak izan direlako. Ikastolan era honetako inoiz egindako ekimen handi eta esanguratsuenean parte hartu izanak poz handia ematen digu. Plastika arloan egindako lanaren bitartez Ikastola hobetu ahal dugula badakigu, Ikastola osatzen dugun pertsona guztiengana helduz.
Proiektuari buruzko informazio guztia hemen klikatuz lortuko duzue.
HORMA – IRUDIAK JASANDAKO ERASOEI BURUZKO HAUSNARKETA
Horma – irudia bukatu genuenetik, hiru izan dira gure lanak jaso dituen erasoak. Lehenengo bi erasoek eragindako kalteak, nola edo hala, konpondu ahal izan genituen, gure irudiaren gainean margotutakoak ezabatzen, horma zatiak zuriz margotzen eta irudiak berreginez. Gure ikuspuntutik, eraso hauen arrazoiak edo intentzioak ulertezinak izan dira beti.
Beheko argazkian, eta lehenengoan, ikus daitekeen bezala, horma – irudiak jasandako azken erasoak aldiz ez du konponbiderik izan. Irudiaren beheko alde osoa kaltetua izan da, egindako marrazki guztiak izorratuz, eta ondorioz, hormaren beheko alde osoa zuritu behar izan da, hainbat denbora kostatu izan zaigun lana pikutara bidali duzuelarik. Horixe izan al da kaltea eragin duzuenon intentzioa ?
Irudia era horretan kaltetu ondoren, Ikastolak hormaren beheko aldea zuriz margotu behar izan du, irudiaren goiko aldea bakarrik salbu utziz. Egoera honen aurrean, proiektua burutzeko antolatu genituen taldeetako koordinatzaileak bildu gara. Gutariko pare bat pareta osoa zuritzearen aldekoak izan gara, baina beste bostak ez, hauen arrazoiak hauek izanik:
- Irudia egin genuenoi, geratzen den irudiaren zatiak irudi osoa burura ekartzeko balio diezaguke, hau da, behin zerbait handia egin genuela gogoratzeko.
- Gauzak dauden moduan uzten baditugu, aukera egon daiteke etorkizunean beheko zatia berregin eta irudiaren bertsio originala berreskuratzeko.
- Handik pasatzen den orok irudi hori ikusten duenean gure lanaren zati bat behintzat ezagutuko du, nahiz eta zati garrantzitsu bat falta izan.
- Geratzen den zatian bulegoak eta DBH eta Batxilergoko metodologiaren atal bat besterik ez da agertzen, eta ez honen oinarria diren HH eta LH. Guretzako hau oso mingarria da, gure lanaren zati handia izorratu dutelako. Hau horrela izanda, gure ustez azalpen bat eman behar zaio Ikastolako komunitateari.
Taldeko koordinatzaile gehienak pareta orain dagoen moduan uztearen aldekoak dira. Taldearen azken erabakia beraz, gehiengoaren erabakia da. Plastika arloan ikasleen hitzak eta iritziak errespetatzen eta kontuan hartzearen aldekoak garenez, pareta orain dagoen moduan uztea eskatzen dugu.
Ikastola barnetik egindako eraso hauen aurrean, hauek dira horma – irudia egin genuenok erasotzaileei egiten dizkizuegun galderak:
Nola kaltetu daiteke era horretan Lauro Ikastola osatzen dugun guztion ondarea ?
Non dago Ikastolaren ondare artistikoarekiko begirunea ?
Zergatik kaltetu hainbat ikaslek hainbat denboran zehar burututako lana ?
Non dago gure kideen lanarekiko errespetua ?
Guk jende aurrean egin duguna, zergatik izorratu duzue ezkutuan ? Ez al duzue ausardiarik gauzak denon aurrean egiteko ? Non eta zergatik ezkutatzen zarete hain izorramendu handia egin duzuenok ? Erakutsi zuen aurpegia Ikastolaren aurrean, guk irudia margotu genuenean egin genuen bezala.
DBHn gaude zuen erantzunen zain.
2015 – 2016 ikasturteko Lauro ikastolako DBHko 3.E taldea