Ikastolaren 50. urteurreneko ekintzen hasiera

Ikasturte honen hasieratik iragarri izan dugunez, 2016 ikasturtean zehar Lauro Ikastolaren 50. urteurrena ospatuko dugu: aurten beteko dira Resurreción Mª de Azkue Ikastola legeztatu zeneko 50 urteak.

Bizkaiko ikastolen mugimendua Bilbon hasi zen 1957. urtean, San Nikolas elizako ikasgela batzuetan Xabier Peña eta Julita Berrojalbizen bultzadaz, hamalau ikaslerekin eta Mª Angeles Garai andereñoarekin. Horixe izan zen baita ere gero Lauro Ikastola izango zenaren lehen hazia.

Ikastola hau itxi eta Iralabarriko frantziskotarren egoitzara igaro ziren, eta hau ere itxi arazo zutelarik, 1960.ean etxez-etxeko epea hasi zen, eskolak familia kementsu batzuen etxeetan ematen zirelarik. Etxerik-etxeko epearen amaiera, legeak halabeharrez ekarri zuen: 1965.ean Hezkuntza Legea aldatu zen eta ikasleek Eskolaritate Kartila behar zuten Batxilergora igaro ahal izateko. Orduan erabaki zuten Julita Berrojalbizek eta bere taldeak ofizialtasunerantza jo behar zutela.

Tere Rotaetxek, mugimendu honen beste zutoinak, bere Elkano kaleko etxe bat alokatu zien eta bertan kokatu zen Resurrección Mª de Azkue Ikastola 1966. urtean. Hurrengo pausoa, instituzioen babesa lortzea zen eskola legeztatzeko.

Julitak, Alfonso Irigoienen bitartez, Euskaltzaindiarengana jo zuen babes bila eta euskaltzainek, euren 1966ko urtarrileko batzarrean erabaki zuten Ikastolaren ibilbidea hurbiletik jarraitzea. Babes honi eta Foru Aldundiak egindako aldeko idatzi bati esker, Madrileko Ministeritzari bideratu zitzaion legezko eskabidea. 1966ko ekainean inauguratu zen Azkue Ikastola eta behin-betiko legeztapena 1968an heldu zen: euskaraz eta gazteleraz irakasteko legeztatutako lehen ikastola izan zen Euskal Herri osoan.

Lauro Ikastolako Kontseilu Errektorea, Batzorde berezi baten bidez, eta Zuzendaritza, ospakizun hau antolatzeko prozesuan murgilduta dago, eta hainbat dira 2016 urtean burutu nahi diren ekitaldiak:

  • Euskaltzaindiko otsaileko Osoko Bilkura Lauron ospatu.
  • Jarduera bereziak Ikastolan bertan: ikasleek hainbat proiektuetan parte hartuko dute euren Ikastolako historia ezagutzeko.
  • Ikasle-ohien bazkari bat Ikastolan, apirilean.
  • Ikastolaren hasieraren inguruko erakusketa bat antolatu.
  • Historia batzeko liburua argitaratu.
  • Mendi-irteera, kirol txapelketak Aste Santuan, eta iragartzen joango garen beste batzuk.
  • Azken ekitaldi bat, 2016ko abenduaren 3an, Bilbon, Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat eginez.

Urteurreneko logoaren aurkezpenalogoa50

Efemeride garrantzitsu honek bere logo propioa izango du, urte osoan zehar. Ikastolan egindako lana izan da: DBH 4. mailako Marrazketa Teknikoko ikasleei proposatu zitzaien proiektu hau, eta Jon Andoni Gomez eta Unai Egia irakasleen laguntza eta bultzadaz burutu dute.

Talde honetako ikasle guztiek proposamen bat aurkeztu dute eta azken erabakia hartu arteko pausoak asko izan dira: logo bat sortzeko prozesua ikasi, “sormen eguna” antolatu, proposamenak etapa guztietako ikasle eta irakasleez osotutako batzorde bereziari aurkeztu, Kontseilu Errektore eta Zuzendari-Gerenteari aurkeztu, kanpoko enpresa baten iradokizunak batu, azken bertsioak moldatu,… Lau hilabeteko lana!

Azkenean, Maitane Rotetaren irudia izan da aukeratua 50. urteurrenerako ikurra bezala. Hauxe da Maitaneren irudiak adierazten duena:

Egunero, Laurora gatozenean, zuhaitzez inguratzen gara, hauek gurekin duten hurbiltasuna guztiz ulertu gabe. Zuhaitzak, gu bezala, urte hauetan zehar hazi egin dira, eta gure Ikastola ere. Irudia lerro jarrai bakar batez osatuta dago, Lauroren hasiera gaur egun arte doan ibilibidea sinbolizatuz. Bi pertsona bereizten dira zuhaitzaren gerizpean, Laurok ematen digun jakintzarekin babestuta.

Lehen Hezkuntzako giza-ordezkariak (5. eta 6. mailak) DBHn egon dira logoaren azalpen guztia Marrazketa Teknikoko arduradunengatik eta DBH 4ko ikasleengandik zuzenean hartzen. Giza-arduradun hauek izango dira ikurraren nondik-norako azalduko dutenak Lehen Hezkuntzako gela guztietan.

IMG_0639

IMG_0642


www.lauroikastola.eus webguneak cookiak erabiltzen ditu Erabiltzailea Atariko web gune eta orrietan dabilenean. Informazio gehiago nahi izanez gero, bisitatu DBLO atala.