Singapurreko Hezkuntza Ministeritzako arduradunek bisitatu gaituzte
Irailaren 26an Singapurreko Hezkuntza Ministeritzako arduradunak izan ditugu Ikastolako Proiektua ezagutzen, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak gonbidatuta. Izan ere, Iratxe Renteria, Berritzeguneko Nazioarteko arduraduna, eta Izaskun Alonso, Hezkuntza Saileko Komunikazio arduraduna, lagundurik bertaratu ziren.
Singapurreko ministerioko Kurrikulum- eta Garapen-saileko zuzendaria buru zutela, Ong Kong Hong, bederatzi hezkuntza-aditu izan genituen Ikastolan, nagusiki gure proiektu eleanitzari buruz jakin nahian.
Garazi Astorkiza, Jugatx Beitia, Beñat Gonzalez, Jone Virto eta Asier Castillo irakasleek osotutako dantzari eta txistulari taldeak Haur Hezkuntzako eraikinean harrera egin eta gero, lehen topaketa izan zuten ingeleseko 5 urteko ikas-talde eta irakaslearekin, Rebecca Pollock. Ostean Zuzendaritzako arduradunekin batu ziren gure Proiektuaren azalpen orokorrak hartzeko: gure ibilbidea, ezaugarriak eta Proiektu Eleanitza, bereziki. Plan honen Lehen Hezkuntzako ezaugarriak azaltzeko Marie O’Mara irakaslea bertaratu zen, Kailea Renobales Bayo eta Aitor Zubiaga Ramirez ikasleen laguntzaz. Euren hurrengo kontaktua ikasleekin, Haur Hezkuntzan bertan, euskara bikoizketako saio batean izan zen ikasleekin eta Beñat Gonzalez irakaslearekin.
Batxilerrera abiatu ziren gero, gure ikasleen irteera-profila ezagutzeko, hizkuntzei dagokienez. Harrera, Euskara Mintegiaren eskutik etorri zen, irakasleek prestaturiko bertso batekin, Libe Urrutia irakasleak abestu zuena. Peio Alberdi De Ibarra, Mikel Arriola Uriarte, Nikole Garcia Oiartzun, June Macareno Lalanne eta Haizea Oribe Marcos ikasleek Euskara Planeko Laborarien berri eman zieten, Internazionalizazio plana atzerriko egonaldi eta trukeen bidez, irakurketa eta literatura inguruko jarduerak azaldu zituzten eta euren egunerokoan hizkuntza ohiturei buruz ere aritu ziren. Hau guztia, hiru hizkuntzak erabiliaz, noski.
Amaitzeko, eta lunch txiki batean indarrak hartuta, beste intalazio batzuk ezagutzeko aukera izan zuten: kiroldegia, zeinetan Lehen Hezkuntzako Heziketa Fisikoko saioak ingelesez direla ikusi ahal izan zuten; eta ingurukoak, baratza, urmaela, eta abar, inguru-naturalak gure proiektuetan duten garrantzia ikusiz.
Eurek azaldu zigutenez, miresgarria egin zaie oso gure ikasleen hiruelebitasuna, euren kasuan ingelesa gailendu baitzaie euren bertoko hizkuntzak baztertuz. Lauro Ikastola Kooperatiba izatea eta familien partehartzea ere deigarria egin zaie, bai eta familiek, neurri batean, zein ikastetxe nahi duten aukeratu ahal izatea ere.
Oso eskertuta agertu ziren hartutako informazioagatik eta benetan inspiratuta euskara eta euskaraz ikasi eta bizitzeko erakusten dugun indarragatik.
















