Aniztasunari buruz Sehaska elkartearekin
Otsailaren 2an Sehaska elkartearekin topaketa izan dugu ikastolan, LGTBIQ+ kolektiboko familien topagunea, hain zuzen, dagoeneko 15 urtetako ibilbidea egin duena. Erakunde ofizial desberdinekin harreman ona dute eta ekimen-proposamenak burutzen dituzte. Euren azkeneko ekintzen artean, familia eredu anitzak erakusten dituzten egutegi batzuen sorrera izan da eta ikastetxe desberdinetan banatu dituzte.
Topaketa hau informazioa eta egiteko moduak partekatzeko baliatu genuen, Lauron 2014-2015 ikasturtetik Hezkidetza arloan daramagun ibilbide luzea azalduz: Hezkidetza Planean txertatzen joan garen helburu eta ekintzak, 2030 Agendako Genero Berdintasuna garapen jasangarriko helburuari lotuta egindako ekintzak batzen dituen laburpen bideoa eta Ikastolan familia kontzeptu zabala lantzeko modua azaldu diegu, gure balioetan jasota dugun izaera pluralista eta integratzailearen barnean. Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan familia arloa lantzeko erabiltzen ditugun material desberdinak erakutsi dizkiegu.
Euren aldetik, diskriminazioaren aurka egiteko gure barne araudian jasotzeko proposamen bat luzatu digute, eta eurek egindako egutegi batzuk oparitu dizkigute.
Eskerrik asko Sehaska zuen bisitagatik! Informazio eta egiteko modu hauek partekatzea denontzat aberasgarria dela deritzogu. Espero dugu etorkizun hurbilean zuekin kolaboratzen jarraitzea!




