“Ekintzailetza” Alatz Bilbao eta Jon Uriarteren eskutik Kukulumendi hitzaldi saioetan

Martxoaren 3an, “KUKULUMENDI – Pertsonen talentua garatuz” hitzaldi programaren ikasturteko azken saioa izan dute Batxiler lehen mailako ikasleek.

“Ekintzailetza” gaia jorratu dute Alatz Bilbaok eta Jon Uriartek, Nutsa Takadse, Niko Mies, Markel Minetti eta Maider Lasa ikasleek gidatu duten saioan.

Alatz, Mungiko “Bakea” jatetxeko sortzailea da, oraintsu Michelin Izarra lortu duena, bere proiektu oso bereziarekin: erreferentea da hurbiltasun-produktuagatik eta originaltasunagatik; sutegietan maisua, tresnak diseinatu ere egiten ditu familiaren tailerrean.

Jon Uriarte ezagunagoa dugu: egun Athletic-eko presidentea dena, Lauroko ikasle ohia, seitan etorri zaigu hitzaldi saio hauetara bere ibilbide akademiko eta enpresa-mundukoa azaltzera, ekintzaile ibilbide luzea baitu.

Biek dute ibilbide ezberdina, lorpen ezberdinak, baina biok argi dute: norberak topatu behar du bere bidea, bere helburuei erantzuten diona, alegia. Euren bizipen eta esperientzia pertsonalak kontatu dituzte, eta ideia hauek azpimarratu ere: gogor lan egitearen garrantzia, lanarekiko jarrera ona izatea prestakuntza bera baino garrantzitsuagoa dela, arrakastarik handiena bizitzan egin nahi duzuna egitea lortzen datzala, gogoko ditugun gaietatik abiatuta bakoitzak egin behar duela bere bidea.

Eskerrik asko Alatz eta Jon, zuen konpromiso guztien artean gurera hurbiltzeko tartea topatzeagatik!