Buchenwald-eko kontzentrazio-esparruko omenaldian izan dira Batxilerreko ikasleak

Apirilaren 9tik 13ra, Batxilerreko bost ikasle, Gorka Lozano irakasleak lagundurik, Weimarren (Alemania) Buchenwald-eko kontzentrazio-esparruan egin den euskal eta espainiar deportatuen omenezko ekitaldian parte hartu dute:

Batxiler lehen mailako Maialen Begolain, Jon Beltrán, Nahia Del Río, Danel Otaolea eta Elaia Salinasek Weimar hiria eta Buchenwald kontzentrazio esparrua bisitatu dituzte, estatuko beste sei ikastetxeetako ikasleekin batera, “Amical de Buchenwald” elkarteak antolatu eta Gogora Institutuak finantzatu duen jardueran.

Buchenwald-eko eremuko askapenaren 81. urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldietan Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideetako sailburuak parte hartu du, Nafarroako Gobernuaren eta Espainiako Gobernuko Memoria Demokratikoaren Idazkaritzaren laguntzarekin. Bidaia honetan, ikasleez gain, presoen senideak ere izan dira, belaunaldien arteko loturak eraikitzeko eta deportatutako pertsonen bizitza-esperientziak ezagutzeko senideen testigantzen bidez.

Gutxienez 55 euskaldun, guztiak gizonezkoak, atxilotuta egon ziren Buchenwalden uneren batean eta horietako 37k gutxienez bizirik ateratzea lortu zuten.

Bidaia egin aurretik hiria eta kontzentrazio esparruaren inguruko lan txiki bat egin zuten ikasleek eta han “Buchenwaldeko zina” delakoaren pasarte bat irakurri zuten, 1945ean esparruko presoek idatzi zutena faxismoaren aurka eta bakea eta justiziaren alde egiteko, gure ikasleek euskara presente egin zutelarik.