Martxoaren 19an hasiko da 24. KORRIKA! Euskara gara!

Maitasuna da Euskararen indargunerik handiena. Bihartik hasita, 15 egunez, 24 orduz, egun eta gau, euri eta eguzki, laino eta elur, hamaika zoro euskararen alde Euskal Herrian zehar korrika egiten etengabe ibiliko dira. Eta hori maitasun hutsa da. Azken datuek dioten bezala, maitasun horrengatik, atxikimenduagatik, erabiltzen dugu egoerak uzten digun baino euskara gehiago. 

Hala ere, Sisiforen lurraldean egoera ez da aldekoa izaten euskararentzat oraindik ere. Gure nahia, gure desira, gure gogoa, gure babes kolektiboa ere behar du euskarak. Komunitatearen indarra beharrezkoa da ikastolan eta gizartean. Euskara hautu bat delako. Gure seme-alabei, geure ikasleei, ematen diegun oparia, ez diskriminazio, ez inposizio, ez muga. Euskara zubia da, kohesio sozialerako tresna, arnasa, zaintzarako hizkuntza. Ez gehiago, ez gutxiago. Euskarak ez du izaterik gu gabe. Euskara gu da eta gu ere euskara gara.

Aurtengo Korrikak Errigora omenduko du, Nafarroan, euskara ofiziala ez den eremuetan, euskalduntzean egiten duen esfortzua aintzatzeko eta hauspoa emateko. Ikastolak ere euskalduntze lanetan ari direnak omendu nahi ditu aurten: horregatik, Lauro Fundazioak sustatzen duen Berbalagun taldea izango da aurtengo kilometroko lekukoa eramango duen taldea. Horrela, eskerrak eman nahi dizkiegu haiei eta euskalduntzeko ahaleginetan ari diren guztiei. 

Tipi-tapa, tipi-tapa, aurrera egiten jarraituko dugu!

Tipi-tapa, tipi-tapa, Ko-rri-ka!

Gora KORRIKA! 

Lekuko-hartze zenbakia: 3.372

Lekukoa hartzeko eguna: martxoak 29.

Lekukoa hartzeko tokia: Ferrocarril kalean, Elexabarri kalearekin

(errotondan), Ametzola (Bilbo).

Lekukoa hartzeko ordua: 09:05 (komeni da 15-20 minutu lehenago bertaratzea)

Oraindik garaiz zabiltzate Korrika-laguntzaile izateko. Eta bai online, bai fisikoki Korrikako aurtengo merchandaisinga eskuratzeko (baita petoak ere).

Korrika zer den ulertzeko audio txiki bat Euskal Herriko historia 100 objektutan podkastaren eskutik.


We use cookies from third party services to offer you a better experience. Read about how we use cookies and how you can control them by clicking Privacy Preferences