Udaberria heldu da: gure ingurunea aztertzen
Proiektu hau 3 urteko ikasleekin burutu da, natura-ingurunea modu zuzenean eta esanguratsuan ezagutzeko helburuarekin.
Gure Ikastolak eskaintzen digun ingurune paregabea baliatuz, ibilbide bat egin dugu udaberrian naturan gertatzen diren aldaketak ezagutzeko. Irteera honetan, haurrek hainbat lore mota behatu dituzte eta haien ezaugarri nagusiak ezagutu dituzte: loreen formak, itxurak, koloreak, atalak… Inguruko hainbat lore bildu dituzte, gelan jarduera desberdinak egiteko. Ekintza honi esker, ikertzen, manipulatzen eta esperimentatzen jarraitu ahal izan dugu modu hurbil eta bizigarrian.
Egindako jardueren artean, honako hauek nabarmendu ditzakegu:
- Liburuaren Eguna ospatzeko, lore naturalekin apaindutako orri-markatzaile bat egitea, sormena eta adierazpen artistikoa sustatuz.
- Lore baten marrazkia lehen aldiz egitea, aurretik haren ezaugarriak behatuz eta arreta, motrizitate fina eta adierazpen grafikoa landuz.
Proiektua metodologia aktibo, manipulatzaile eta esperimentazioan oinarritu baten bidez burutu da: haurrek jolasa, esplorazioa eta naturarekiko harreman zuzena baliatuz ikasi dute. Era berean, jakin-mina, ahozko hizkuntza, behatzeko gaitasuna eta ingurumenarekiko errespetua eta zaintza sustatu dira.
Proposamen honen bidez, haurrek ikasten gozatu dezaten, ingurunea ezagutu dezaten eta naturarekiko lotura positiboa txikitatik garatu dezaten bilatzen dugu.





